Hartu genuen hitza

Hona hemen, Beñat Muguruza irundarrak bere ‘Dena den’ ostiraleko papereko HITZAko iritzi zutaberako idatzitakoa, azaroaren 30ean.

 

Zenbat lagunek hartuko dute parte, Irunen, independentziaren aldeko galdeketa ez-lotesle batean?». Beldur hori agertzen genuen askok, Hartu Hitzak Irunen urratsa emango zuela iragarri zuenean. Ehunekoetan, jakina, hobeto pentsatzen ez hasi. Eszeptikoenek ironiaz eraldatzen zuten Gure Esku Dago-ren abesti ofiziala, milaka lagun ote eskutik oratuta?

Bada, badakigu azkenean; ia 5.000 irundarrek eman zuten bozka azaroaren 18an. Ehunekoa ez dugu hona ekarriko, ez baita lau haizetara zabaltzeko moduko zifra. Antolatzaileek diote, halere, portzentajeak ez direla hain garrantzitsuak. Berripaper honetan bertan aurreratu zuen hilaren hasieran Hartu Hitza elkarteko lehendakari Elena Berazadik, bidea dela garrantzitsuena, letorzkeen emaitza zalantzazkoei usaina hartu eta haien burua babeste aldera agian, batek daki. Eta, segur aski, behin bozkak zenbatuta, bidearen garrantzia azpimarratzen duen diskurtsoari eustea komeni.

Eta egia da, bidea ez da nolanahikoa izan. 2017ko apirilean aurkeztu zuten Hartu Hitza elkartea, kontsulta prestatzeko berariaz sortua. Lehenagotik hasiko ziren haiek lanean, eta Gure Esku Dago dinamikaren baitan are lehenago, ziur: bilerak, aktak, e-mailak, whatsappak, abestiak, festak, ekitaldiak…Bide luzea, eta batzuetan astuna ere izango zen. Eta espero zitekeen nekatuta iristea 2018ko azarora, lau katu tematzea ditxosozko galdeketarekin eta arrastaka ailegatzea egun handira. Egun handian arrakasta ailegatu zenik ere ez naiz altuegi esatera ausartzen, baina zortzi orduko lan-txanda luzeak egiteko 300 bolondres irundar biltzea (hautes mahaietan, antolakuntzan, karpako barran…), zer nahi duzue esatea, sekulakoa iruditzen zait. Nahiko lukete, genuke, halako mobilizazio-ahalmena, talde, eragile eta grupúsculo askok.

Gure Esku Dago-ren galdeketetan, sarri aipatu dute antolatzaileek ezezko bozken garrantzia, independentzia begi onez ikusten ez dutenek ere zilegitasuna eman diotelako galdeketari, eta kontraesankorra dirudien arren, indarra ematen omen dio azken emaitzari. Batzuok bagenekien hori, eta broma artean esaten genuen agian erantzun autonomistaren bat markatu beharko genuela, galdeketak zerbaiterako balioko bazuen. Azkenean ni behintzat ez nintzen ausartu… eta eskerrak, %26,5 harrigarri batek bozkatu baitzuen gauden bezala geratu edo autonomian sakontzearen alde. Alegia, bozka ematera joan zirenen arteko lautik bat pasatxok ez zuen independentziaren alde egin. Donostian, esaterako, ehuneko hori ez zen bi puntura iritsi. Beste behin, Irun is different.

Ez dago iruzkinik

 

Send this to friend