Zenbaki erromatarrak

Beñat Muguruzak ‘Dena den’ iritzi zutabean idatzitakoa, HITZAren uztailaren 20ko zenbakian.

Irundarrok betidanik hartu dugu kiroltasunez udan mundu guztia kanpora joan eta kanpotik hona inor ez gerturatzea. Betidanik? Ez. Badira urte batzuk Irungo Udalak turismoa sustatu nahi izan duela, eta horretarako ez dago justifikazio handirik bilatu beharrik; kultura, jana eta edana uztartzea da baldintza bakarra, ordena horretan, hutsalenetik garrantzitsuenera. Inguruko egitasmoei begiratuta erraz identifikatuko dituzue osagaiok, baita gure jaialdi eta azoketan ere.

Dies Oiassonis delakoari barre egiten genion batzuok hastapenetan, baina badirudi gora doala asuntoa. Ez alferrik, zirku erromatarra ikusteko ilara luzeak egon ziren San Juan plazan; gehienak umeekin, eta beste batzuk haien zaletasuna ezkutatzeko beharrik gabe, lagunartean.

Gainerakoan, berritasun gutxi: erromatar azoka izan nahi lukeen txiringito multzoa, Behobiako Erdi Aroko azokarekin erabat trukagarria. Janari galiziarra eta mojitoa ez ziren falta, erromatar giro tipikoenean murgiltzeko, termatik atera ostean zure atriumeko tricliniumean egongo bazina bezala, aizu. Eta dena da horrelakoa, erdi magiko erdi patetikoa, tarteka pasatzen zara duela bi mila urteko giro autentiko xamarretik, Port Aventurako atrezzo kartoi-harrizkora.

Ez dakigu zenbat jende gerturatu den Dies Oiassonis-era, ezta zenbat sexterzio, barkatu, euro utzi dituzten ere. Badakigu, hori bai, horrek bakarrik emango diola zilegitasuna egitasmoari

Iritziz aldatu dut orain, iruditzen zait erromazaletasuna aparra bezala igoko dela Irunen denbora gutxian. Irungo Berritzegunean sekuentzia didaktikoak sortuko dituzte, eskolan haurrek erromatarrek utzitako arrastoak ezagutu ditzaten. Gero eta latinismo gehiago erabiltzen hasiko da jendea, eta herritar gehienek a grosso modo (sic) eta status quo (sic) zuzen erabiltzen ikasiko dute pixkanaka. Euskal Herrian etsaien aurkako erresistentzia nekaezina irudikatzen duten Asterix eta Obelix pertsonaia adeitsuen kontrako jokoak antolatuko dituzte begiraleek Solas Jolasen.

Denboran hainbeste atzera egin beharrik gabe, Hondarribiko Blues Jaialdiak antzeko zerbait bilatzen du (jende, alegia, diru mugimendua), nahiz udan askoz jende gehiago erakartzeko premia larririk ez zaion ikusten herriari, horrela, begiratu hutsarekin. Antolatzaileek esan dute 100.000 lagunetik gertu ibili direla blues jaialdian. Total, inork ezin du kontrakorik egiaztatu. Bota zifra ezin hanpatuago bat, eta aire. Udala pozik, antolatzaileak pozik, ostalari eta komertzioak pozik, bizilagunak… ez dakigu.

Irunen ez dakigu zenbat jende gerturatu den Dies Oiassonis-era, ezta zenbat sexterzio, barkatu, euro utzi dituzten ere. Badakigu, hori bai, horrek bakarrik emango diola zilegitasuna egitasmoari, aurrera segituko badu. Erromatar hauek ez daude burutik sano.

Ez dago iruzkinik

 

Send this to friend