‘Libertè, egalité, fraternité’ leloan harrapaturik

Aitziber Zapirainek ‘Antxetatik’ zutabean idatzitako iritzi artikulua, uztailaren 13an, HITZAn

Iritsi dira, etorri dira, eta gure artean izanen dira gutxi gora behera agorrila amaitu bitarte. Gutariko asko ere, joango gara, eta izango gara haien gisan: turista. Izatez ez du ezer txarrik, alderantziz, leku berriak, ohitura, kultura eta bizimolde berriak ezagutzen ditugu bidaiatzeari esker. Eta ez, ez da oso urrun joan behar besteaz ikasteko.

Adibidez, ni neu, Arabara joango banintz edota Zuberoara, asko ikasiko nuke bertakoez eta bertakoaz (aitor dezagun, Euskal Herrian ere, ezberdintasun handiak baitaude ezkerretik eskuinera, eta goitik behera).

Artikulu, erreportaje edo dokumental askotan esaten den gisan, aldiz, instituzioetatik sustatzen ari den turismo eredua da nire ustez gustuko ez duguna. Niri behintzat ez zait gustatzen.

Azken urteetan, Hendaiako Herriko Etxeak Hondartza auzoa aldatzeko lanak egin ditu, eta ez dituzte oraindik bukatu. Txikitatik ezagutu genuen itsas pasealekuak, ez du gaurkoaren antzik. Egun, ostatuek terraza amaigabeak dauzkate, espaloiak ere izugarri zabalak dira, autoa aparkatzeko geroz eta leku gutxiago dago… Hots; badirudi epe motzera oinezkoentzat izanen dela bereziki pasealekua. Honek baditu bere alde on eta txarrak. Nire duda da, aldaketa bertakoekin pentsatzen egin ote duten ala ez. Eta ezezkoan nago.

Asko dira Hendaian deseroso sentitzen diren frantsesak. Beren hizkuntza bezain beste (edo gehiago) entzuten baita gaztelania

Aurtengo neguan obratu dute metamorfosirik handiena. Aste hauetan, ordea, hezurretarainoko nazka ematen duen (ematen didan) zerbait gehitu zaio egoerari: football mundiala (nik ez diot maiuskularik jartzen). Eta horrek berarekin dakarren dena. Frantses banderak edonon topa daitezke. Balkoietan, terrazetan, supermerkatuetan, okindegian…

Eta txapelketatik harago, bandera balkoira ateratzeko aitzakia da hau. Izan ere, asko dira Hendaian deseroso sentitzen diren frantsesak. Beren hizkuntza bezain beste (edo gehiago) entzuten baita gaztelania. Euskara gutxiago erabiltzen da, baina bagaude euskaldunak, noski, euskaraz bizitzen saiatzen garenak. Iruditzen zait, azken honek gaztelaniaren nonahiko presentziak baino traba gutxiago egiten diela, hala ote?

Sentsazioa dut, baloiaren txapelketak aitzakia ezinhobea eman diela, beren oilarra askatu eta bazterrak banderaz betetzeko. Hendaia, eta Ipar Euskal Herria liberté, égalité, fraternité leloan harrapaturik daudela gogorarazteko. Inor ez dadin despista. «Hau ez da Espainia» mezua pasarazi nahi dutelakoan nago.
Guri dagokigu Euskal Herria dela ikustaraztea.

Ez dago iruzkinik

 

Send this to friend