Arramendi

Arantxa Urbek ‘Kale kantoitik’ zutabean idatzitakoa, ekainaren 29ko HITZAn.
Lozorroan uste genituenak esnatu dira. Garabiak. Han eta hemen altxatzen doaz. Gure etxetik, dagoeneko, bi ageri dira. Hain urrun ez dauden beste garaiak ekarri dizkidate gogora.

Gaztañon izan gara aurten ere San Joan suaren bueltan. Gaua sekula helduko ez dela dirudien egun horretan, Arramendiri beste hozkada sakona eman diotela ohartu ginen. Etxe berriak egitera doaz. Gehiago.

Penaren penaz ikusten ari gara nola Arramendi hozkaka jaten ari garen, flana bailitzan. Arramendiko gerri-bueltan itzuli bat egitea besterik ez dago. Pontika aldean etxeak egiten ari dira. Gaztaño eta Agustinak parean, berriz, beste etxe ilara berria egiteko asmotan zulo sakon bat egin dute jada. Autobideak eta Donostiako bigarren saihesbideak etengo dute itzulia, muga gaindiezina baita. Arramendiko kaskotik begira jarri eta etxeak mendi magalean gora nola datozen ikusiko dugu. Atzaparka, arrastaka, pixkanaka, baina etengabe, goraka.

Altzaten, Campsa izandakoan, etxeak egin nahi zituztela jakin genuenekoa datorkigu, aldi berean. Han, eta ez da kasualitatea izango, Santander eta Caixa bankuek etxebizitzak eraiki nahi zituztela jakin genuen iaz. Noiz eta gure herrian pobrezi, espekulazio, etxegabetze, eta langabezi kopuruak beldurgarriki handiak direnean.

Langabetuei begiratu genien, eta 2.538 langile kontatu genituen. Diru sarrera bermatzeko errenta (RGI) jasotzen zuten lagunak zenbat ote ziren galdetu eta 1.101 zirela esan ziguten. Per capita errenta Gipuzkoako bigarren baxuena dela azaldu ziguten, bidenabar. Zenbat ote ziren herrian hutsik genituen etxeak? 500 inguru.
Gure herriaz norbaitek, noizbait «el museo de los horrores urbanisticos» esan zuela akordatu gara. Saturazio urbanistikoaren harira, seguruenik. Herri kolpatua eta pobrea dela gurea diote, zenbaitetan errealitate hori hitz dotoreen atzean ezkutatu nahi badugu ere.

Prozesuak, aldarriak, protestak eta babesak babes, Arramendiri beste puska bat kendu diote

Arramendiko kasuan, udalak Parke bat baino gehiago prozesua abian jarri zuela jakin dugu. Paretsu, Arramendi Bizirik taldeak Arramendin ez eraiki! deiadar egin eta 750 sinaduraren babesa jaso omen zuen. Udalak, ordea, entzungor egin diela salatu dute abendutik egiten ari ziren aldarriei.

Prozesuak, aldarriak, protestak eta babesak babes, Arramendiri beste puska bat kendu diote. Lanak geldirik omen daude, lur azpiko arazoak direla medio. Ziur Arramendiko sorginak, hainbesteko gehiegikerien aurrean nazka-nazka eginda, errebelatzeko izan duten modua dela. Izan ere, hainbat gauza Gaztainon soilik gertatzen dira…

Behin eta berriro jauzten omen da gizakia harri berean estropezu eginda. Batean eta bestean etxeak egin eta egin ari zirela, krak! egin omen zuen etxebizitza berrien eraikuntza merkatuak. Orduan, biztanleen hazkundea baino nabarmen handiagoa bihurtu zenean etxe berrien eraikuntza, «burbuila inmobiliarioaz» entzun genuen lehen aldiz. Ordurako, jendarteak ezin izan zituen xurgatu behar zituenak baino gehiago eraiki ziren salgai zeuden etxebizitza haiek.

Urte gutxi batzuk joan dira ordutik, eta, antza, berreskuratu dugu irtenbiderik gabekoa zirudien bidea. Etxebizitza berri dotoreen promozioak iragartzen dituzten erakusleihoak agertzen ari dira, apurka.

Eta berriro sortu da galdera zaharra, kapitalak eta merkatuak oraindik lausotu ez duten pentsamenduan: Norentzat ote dira hainbeste etxe? Noren interesetara erantzuten ote dute?

Ez dago iruzkinik

 

Send this to friend