Elizarekin topo

Hona hemen aste honetan Beñat Muguruza irundarrak HITZAko ‘Dena den’ zutabean idatzitakoa:

Apokrifoa omen da esaldi hori, Cervantesek ez omen zuen topo egin aditza erabili, baina gerora metafora indartzeko gehitu diogula diote. Egun, askok gutxitan egiten dugu topo elizarekin, baina tupust egin ohi dugu hain kanpaitsuak ez diren eraikinekin.

Joan zara Irungo kultur arlora, jaietarako txosnen zozketan zortea izango duzun esperantzan, eta kultur teknikariak gidatu du protokoloa, ia euskara hutsean. Jokabide ausarta; baldar egiten duelako euskaraz, alde batetik, baina erdaldunen bat ere badelako hautagaien artean, bestetik.

Tokatu zaizu txosna, eta txosnadunok bakarrik geratu zarete gelan. Txosnetako musikari buruz hitz egiteko txanda ailegatu da, eta teknikariak jakinarazi du 22:30ean itzali behar dela musika, orduan hasten baitira kultur ekitaldiak. Galdetu diozu ekitaldi horien ondoren ez al dagoen tarterik musika jartzeko. Eta ez da haserretu, ez da defentsiban jarri; harritu egin da, ezustean harrapatu duzu: «Nola, kontzertuak eta gero? Ordu bata eta erdietan bukatzen dira-eta». Eta ez duzu sumatu politikari baten kalkulu elektoral makiavelikorik; ez dira eskuindar tirano arrotzen inposaketak, ez dago maltzurkeriarik, ez maliziarik.
Txosna tokatu zaizunez, eta ez duzunez dirua lortzeko bakarrik eskatu, zenbait kultur ekitaldi antolatzen saiatzen zara: antzerkia, bertso saioa, kontzertua, hitzaldia, eta abar. Txosnagunea girotzeko, Euskaraldira begira motorrak berotzen hasteko, egitasmoa jendarteratzeko.

Eta orduan jabetu zara ez dituzula jaiak eta politika nahastu behar, baina ez duzu erabat argi zer ez den politika, alegia, zer den txosnan jar daitekeena

Joan zara berriz ere kultur arlora asteazken buruzuri bateko eguerdiko 13:55ean. Harrerako gizonak sartzen ikusi zaitu, eta berehala erlojurantz biratu du burua automatikoki, eta keinu batez adierazi «ufa, juxtu hator, motel», baina jaiki egin da, eta gaztelaniaz eginarazi ondoren itxoiteko esan dizu. Ia 15 minutuko itxaronaldia eta gero, zozketako udal-langile berak artatu zaitu. Euskara traketsean, baina argi esan dizu jaietan zehar ezin dela deus antolatu. Otsailean ireki zuten horretarako deialdia, eta aspaldi pasa zaizu epea.

Badakizu debekatuta dagoela txosnan «bizikidetza edo jai ekitaldiak normaltasunez gauzatzea arriskuan jarri ahal duten kartelak edo ikurrak erabiltzea», eta kontuz ibili nahi duzu, badaezpada ere. Zeren badakizu udaltzainek dispertsioaren kontrako afixa bat kenarazi ziotela zure lagun bati duela hiruzpalau urte, eta ez duzu bi urtez geratu nahi txosna eskatzeko eskubiderik gabe.

Eta orduan jabetu zara ez dituzula jaiak eta politika nahastu behar, baina ez duzu erabat argi zer ez den politika, alegia, zer den txosnan jar daitekeena. Eta bukatu duzu janari-edarien prezioa jartzen duen kartelarekin soilik txosnan, eta ez duzu ekitaldirik antolatu, eta egitarau ofiziala bakarrik egongo da, otsailean hartu zirelako erabaki horiek, zuk txosna izango duzula jakin baino hiru hilabete lehenago.

Ez dago iruzkinik

 

Send this to friend