Ez gara isilduko

Hona hemen, Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko esatariak HITZAko ‘Antxetatik’ zutabean aste honetan idatzitakoa.

Aste beltza dugu honako hau eskualdean, Bidasoan. Hau irakurtzen ari zaretenerako, mobilizazioetan parte hartuak izanen zarete zuetako asko. Irungoaren berri jakin genuen lehenik. Bi hilabetez bikotekide ohia bahiturik ukan du gizon batek. Tratu txarrak eguneroko ogia izan direla jakinarazi du emazteak, gainera. Gatibu hartzea bera aski izango ez balitz bezala. Zorionez ihes egin eta kontatzea lortu du. Alegia, ez dago hilik.

Bizirik sentitzen ote da, ordea? Ala bizirauten ari dela iruditzen zaio? Eraso matxistak jasan dituzten emakume askok eta askok, aurrera ateratzea posible dela aldarrikatzen dute, biktima posizioan gelditu gabe. Hauek bai direla heroiak. Hauek bai, eta ez… (eta ez beste haiek).

Iruditzen zait, ez dela behar dena egiten.
Eta sutzen nau horrek. Agian nire irudipena besterik ez da, hala balitz…

Bigarrena Hondarribian izan da. Hondarribia herrian. Kalean bertan egin dio eraso gizonak emakumeari. Ustezko erasotzailea poliziak eraman zuen erasoa gertatu eta berehala, eta epailearen esku utzi.
Gipuzkoako hiri handienetarikoen artean sailkatzen da Irun. Bertan erasoak eta ustezko erasotzaileak aski arrunt bilakatzen ari dira azken aldian.

Hondarribian, aldiz, ez da hain ohikoa. Ez dira behintzat jakiten.

Hendaian ere, adierazpen bat adostu zuen Herriko Etxeak orain dela aste batzuk. Herrian bertan, hainbat eraso salatuak izan direlako eta baita bortxaketa bat ere.

Garai batean halakoak han nonbait gertatzen zirela uste nuen. Hemen ez, han. Urruti. Baina begien bistakoa da, oker nengoela.
Indarkeria matxista, gure artean dago. Indarkeria matxistarekin bizi gara. Eta horren aurkako oihuak geroz eta gehiago eta nabarmenagoak diren heinean, ez zait iruditzen erasoak eta ustezko erasotzaileak txikitzen zein kikiltzen direnik.
Ongi heldu dira kanpaina instituzionalak, ederrak dira herri ekimen eta aldarrikapenak. Baina sentsazioa dut, anitzez gehiago egin genezakeela. Askoz gehiago egiten ahal dela. Bai herritarrek, baina bereziki instituzioetatik, hezkuntzatik, eta beste mila lekuetatik. Iruditzen zait, ez dela behar dena egiten. Eta sutzen nau horrek. Agian nire irudipena besterik ez da, hala balitz…
Gaia bera ere, errepikakorra egiten zaizue agian, alta, argi dago asko dagoela egiteko. Ez gara ez isilduko. Aski da!

Ez dago iruzkinik

 

Send this to friend