Pasaiako Udalak HorKonpon aplikazioa aurkeztu du

horkonponSakelakoan instalatzeko aplikazioa da, software librean garatutakoa eta ondorioz doanekoa. Gaur goizean aurkeztu dute Pasaiako Udalean HorKonpon aplikazioa, Amaia Agirregabiria alkateak, Rafel Puy, udaleko informatikariak eta aplikazio garatu duten Kubbit enpresako teknikariek.  Esan dutenez, herritarrek kalean topatzen dituzten matxuren berri emateko balio du aplikazioak. Topatutako matxuraren argazkia egin eta telefono bidez udalari jakinarazteko aukera ematen du HorKonpon aplikazioak, doan.

Amaia Agirregabiriak azaldu duenez, Errenteria eta Hernaniko udalekin elkarlanean garatu dute aplikazioa, Foru Aldundiaren laguntzaz, udalen eta herritarren arteko komunikazioa “errazteko” eta “azkartzeko” helburuz.

Herritarrek HorKonpon aplikazioaren bidez bidaliko dituzten matxuren berri, udaleko zerbitzuen departamentuan jasoko dute, eta behin matxura konponduta, jakinarazpena igorri duen herritarreri konponketaren berri emango zaiola iragarri dute. Horretarako, baina, herritarrak bere datuak erraztu beharko ditu matxuraren argazkia bidaltzearekin batera, nahiz hori hautazkoa izan. “Era anonimoan bidali daiteke, baina gomendatzen dugu norberaren datuak  jartzea, horrela inzidentzia hori konpontzean erabiltzaileak abisua jaso dezan”, zehaztu du udaleko informatika arduradunek. Zerbitzuetako arduradunek matxuraren inguruko zalantzaren bat izanez gero ere, argibide gehiago eskatzeko erabiliko dituzte datuak, baina sekula ez beste ezertarako. “Datuak soilik horretarako erabiliko dira, eta ez publizitatea, spama edo bestelakoak bidaltzeko”, agindu dute.

Ezaugarri teknikoak

Aplikazioa erabiltzeko erraza da, “oso intuitiboa”, eta euskaraz edo gazteleraz erabili daiteke. Kubbit enpresak garatu du aplikazioa eta Android 2.2 edo berriagoetarako  eta Apple iOS 6.1 edo berriagoekin erabiltzeko aproposa da. Erraz bilatu daiteke Google Play edo Itunes-en bidez baina udalaren webgunean bada deskarga zuzenean egin ahal izateko esteka.

Aplikazioa erabiltzeko orduan, ezinbestekoa da GPSa aktibatua edukitzea, udalean matxuraren kokapen zehatza jaso dezaten. Aplikazioak berak ohartarazten omen du GPSaren beharrez. Argazkiak bidaltzeaz gain, oharrak gehitzeko aukera ematen du aplikazioak.

Gerkud sistemaren osagarri

Pasaiako Udalena badira bost urte  Gerkud izeneko aplikazioa darabiltela, hura ere software librean garatutakoa. Rafel Puyk azaldu duenez orain garatu duten aplikazioa sistema honi txertatzen zaio, hau da, HorKonpon aplikazioaren bidez bidaliko diren mezuak, udal langileek Gerkuden bidez jasoko dituzte. Rafel Puyk zehaztu duenez, azken bost urtetan 10.000 inzidentzia kudeatu dituzte GerKud sistemaren bidez, eta gaur egun saileko tresnarik garrantzitsuena dela iritzi dio.

Zabaltzen ari den sistema

GPSaren kokapena Pasaiako udalerriaren barruan badago, oharra Pasaiako Udalaren sistemetan sartuko dira, baina  GPSaren kokapena beste udalerri batekoa baldin bada, oharra dagokion udalari iritsiko zaio, betiere, udal horrek abisuak jasotzea onartzen badu. Tolosak eta Irunek, esaterako, onartu dute jada HorKonpon aplikazioaren bidez abisuak jasotzea, eta Kubbit enpresako teknikari iker Inzak esan duenez, beren asmoa da Gipuzkoako beste udalerri guztietan ezagutzera ematea. Lasarten probetan dabiltzala iragarri du, baita Billabonan ere. Inzaren arabera garatu duten sistema librea izaki oso aproposa da ere udalerri txikientzat eta aplikazioa jaitsi eta probatzeko gonbitea luzatu du “denontzako” erabilgarri dela nabarmenduz.

 

 

 

 

Iruzkin bat

Egin iruzkin bat

  • Nineu
    4 ekaina 2014 at 19:56 -

    Zuzenketatxo bat. “Software librean garatutakoa eta ondorioz doanekoa” esaldia ez da zuzena.

    Software librekoa izatea eta ordainpekoa izatea ez dira bateraezinak. Software librearen filofofian erabiltzaileen askatasuna errespetatzea da garrantzia duena, ez prezioa. Are gehiago, ezin bada aplikazio bategatik dirua kobratu ez da software librea.

    Gai honi buruzko informazio gehiago aurki dezakezue hemen:
    http://www.gnu.org/philosophy/selling.html

    Ah eta ahaztu aurretik Pasaiako Udala zoriondu nahi nuke. Jarraitu horrela!

  •  

    Send this to friend