Joxan Garaialde: Europako hauteskundeak, Hondarribiko emaitzak

Harrituta geratu naiz Asier Perez-Karkamo Hondarribiko Hitza-ko kazetariak Europako hauteskundeen inguruan Hondarribiko emaitzei buruz argitaratutako analisi sakonarekin, bereziki EH Bilduren emaitzak aztertzeko garaian.

EH Bilduk Hondarribian atzerakada nabarmena izan duela aipatzen du, eta, hori baieztatzeko, esaten du 2009ko Europako hauteskundeetan EA-Aralar eta Iniziatiba Internazionalista koalizioen artean lortutako boto kopurua baino ia 200 bozka gutxiago atera dituela (zehazki, 184 boto gutxiago izan dira). Are gehiago, boto galera horren errua zinegotzien aferari egozten dio, dudarik gabe gainera, eta, arrazoi horrengatik Herriek Erabaki hautagaitzari babesa ez ematea erabaki duten ezker abertzalearen bozkatzaileak asko izan direla esateaz gain, Europako hauteskundeak zirela kontutan hartuta gehiegi izan direla esatera ere ausartzen da.

Nik ez dakit kazetari honek bere desioa eta errealitatea ez ote dituen nahastu.

Lehenik eta behin, ez dakit zertan oinarritzen den horrelako baieztapen kategoriko bat botatzeko, eta zein datu dituen hori baieztatzeko. Mahaietan egon ginen EH Bilduko ahaldunok alderantzizkoa sumatu genuen: zinegotzien aferaren inguruan jarrera kritikoa agertu zuten militante eta kide ugari botoa ematera etorri zirela ikusi genuen.

Bestalde, horrelako konparazioak egiteko garaian, kontutan izan beharko litzateke 2009ko Europako hauteskundeen ondoren bai EAn eta baita Aralarren ere zatiketa gertatu zela, eta euren burua Bildu koaliziotik kanpora kokatu zutela zatitutakoek. Egia da inguruko herrietan ere izan zirela zatiketa horiek; baina, haietan ez bezala, Hondarribian EAtik ateratako H1ek boto kopuru esanguratsua atera zuen (655 boto, zinegotzi bat).

Are gehiago, gauza jakina da politikan bi eta bi ez direla beti lau izaten. Horren adibide gisara, azken bi udal hauteskundeetan Bilduren baitan elkartutako taldeei Hondarribian gertatutakoa begiratzea besterik ez dago. 2007ko Udal hauteskundeetan, gerora Bildu osatu zuten EA eta EAE-ANVk 2.922 boto atera zituzten bien artean, eta 2011ko udal hauteskundeetan, biak Bildu koalizioan elkartuta, 2.066 boto; hau da, 856 boto gutxiago. 2007 eta 2011ko udal hauteskundeetan galdutako aldea kontuan hartuta (-%28), 2009 eta 2014ko Europar hauteskundeetan galdutako aldeak errekuperazio bat adierazten du (-%13), hau da, % 15eko errekuperazioa.
Baina kazetariarentzat Europako hauteskunde hauetan aurrekoetan baino 184 boto gutxiago ateratzea zinegotziekin izandako aferaren ondorioz da, soilik.

Badirudi EH Bilduren emaitzei buruz idatzitako testuan, nahiak eta errealitateak nahastu egiten direla, eta hori kazetaritzan arriskugarria da, edo hala iruditzen zait niri.

Dena den, analisi-artikulu hau bitxikeria bat besterik ez litzateke izango, zinegotzien afera hasi zenetik Hondarribiko HITZAk zaurian behin eta berriro gatza botatzeko hartu duen jarrerarengatik ez balitz, eta hori bai da kezkagarria.

Bukatzeko, Hondarribiko HITZAk argitaratutako testu ezkor horren kontra egin nahi dut, eta euren botoekin Josu Juaristi Europako parlamentura eramatea ahalbidetu duten boto-emaile guztiak txalotu nahi ditut, zinegotzien aferarengatik gure artean sortutako liskarrak gainditu eta elkartzen gaituen proiektu politikoa aurrera ateratzea lehenesteagatik.

Joxan Garaialde
Hondarribiko Sortuko militantea

Iruzkin bat

Egin iruzkin bat

  • batek
    30 maiatza 2014 at 0:33 -

    Nere iritzi xumean, aipatzen d(it)uzun kazetariak(ek) nahiko fideltasunez irudikatu du/dituzte Hondarribian dagoen errealitatea, ez ditu(zte), zuk diozun bezela, errealitatea eta bere desioak(?) nahasi. Herriko egoera oso gertutik ezagutzen du(t)ela argi dago eta horren adierazle da azken analisia. Ados nago 184 boto hoiek guztiak ez direla SOILIK “zinegotzien aferaren” ondorio, baina nabaria da horrek eragina izan duela, eta ez neurri txikian (kazetariak/ek ez du/te “soilik” hitza erabiltzen, “Argi dago…ez dio mesederik egin” dio/te, eta nere iritziz ere, ez dio inolako mesederik egin). Adibide bat jartzearren, nere familia gertukoenean, nere etxean, sei pertsonetatik bostek ez dugu europear hauetan bozkatu, 2009an II-HE bozkatu bagenuen ere (eta ez gera bakarrak izan, eta honek ez du inolaz ere esan nahi aurrerantzean ez dugunik EHBildu bozkatuko). Jakin badakit, nere gertuko beste batzuek, hauek ere ezker abertzalekoak, bozka ematera hurbildu arren kataluniako ezkerreko alderdi independentistei eman dietela bozka, modu kritikoan eta europearrak direla jakinda. Baita ere, herriko aferaren harira bildurekiko postura kritikoa izan arren, ezagun askok EH Bilduri bozkatu dietela (bozkatu bai baina arazoa “gainditu” gabe).
    Abstentzio kritikoa eta bozka kritikoa egon direla ez genuke zertan izkutatu behar, inoiz ezingo dugu zenbaterainokoak izan diren neurtu baina eragina izan dute zihur.
    Ez da bidezkoa kazetari hau eta HITZA bera ere modu honetan desprestigiatu nahi izatea, eta “zaurian behin ta berriz gatza bota” bezalako akusazioak gehiegizkoak iruditzen zaizkit. Salaketa hoiek egin ezkero, hoien oinarriak azaldu beharko zenituzkeela iruditzen zait, baina zein helbururekin egingo zenituzke? Zein izan beharko luke hemendik aurrera herriko ezker abertzalearen afera konpontzeko hartu behar dugun jarrera? Eta zeintzuk dira eman beharreko pausuak? Horrelako testuekin benetan afera konpontzea ahalbidetzen al dugu? Ez al degu zuk diozun zauria berriz irekitzen? Ni baikor nago, eta aurrera egingo dugu denon artean, baina adierazteko moduak zaindu behar ditugu, gure arteko harremanak zaindu, eta egon daitezkeen arazoen aurrean inolaz ere ezikusiarena egin (gure kalterako litzateke). Animo!
    Galdera hauek erantzuteko gure artean elkartu behar gera, inolaz ere prentsaren bidez eztabaidatu, hala deritzot.
    Amaitzeko, HITZAn hilabete guzti hauetan argitaratu den informazioa, gainontzeko medioekin alderatuta, errealitateari gehien hurbildu zaiona iruditu zait, beraz, ez nator bat zure kritikarekin.

    Hondarribiko Ezker Abertzaleko Militante Bat.

    PD1: Publikoki anonimatoan mantendu nahi dudan arren, Hondarribiko EHBildu osatzen duzuenoi esatea, duela gutxi zuen webguneko sarrera baten inguruan, modu pribatuan kritikatxo bat bidali zizuen pertsona bera naizela.

    PD2: Ni ere pozten naiz EH Bilduk Euskal Herrian lortu dituen emaitza onengatik. Aurrera bolie!

    2014/05/28

  •  

    Send this to friend